Txosten hori Pilares Fundazioak Kantabriako etxeko arreta-zerbitzuei buruz eginiko ikerketaren emaitza da, eta bi helburu ditu: alde batetik, etxeko laguntza-zerbitzuaren, telelaguntza-zerbitzuaren eta etxeko osasun-arretaren egoera diagnostikatzea, eta, bestetik, erakustea esku-hartze mota hori dela eraginkorrena kostuaren aldetik, egoitza-arretarekin alderatuta. Autonomia-erkidego horretan, etxeko arreta-sistema hauek osatzen dute: batetik, osasun-sareak -hark egiten du mendekotasunaren balorazioa- eta, bestetik, etxeko laguntza-zerbitzuaren bi sarek, udal-mailakoak eta autonomia-erkidegokoak. Bi sareek ere balorazio positiboa duten arren, bikoizketak sortzen dira eskaintzan, eta nahasmena sortzen da erabiltzaileen artean. Horretaz gainera, hiru sareek koordinazio eskasa dute, eta horrek badu eraginik prozesuaren kalitatean eta azken arretan. Ondorio gisa, dokumentuak hobekuntzak proposatzen ditu zerbitzua emateari dagokionez, etxeko laguntza-zerbitzua berritzen laguntzeko, hala nola irizpide profesionalak bateratzea, esku-hartzeak eraginkorragoak eta kalitate handiagokoak izan daitezen, eta, horri esker, erabiltzaileen eta haien familien gogobetetze-maila areagotu dadin.