Danimarkako etxeko zainketa-sistemaren gaineko azterketa horren arabera, sektorea merkantilizatzeko prozesuaren poderioz, okerrera egin dute lan-baldintzek, baina ez ezinbestean arretaren kalitateak. Izan ere, badirudi zerbitzuak askatasunez aukeratzeak babes mardula duela herritarren, erabiltzaileen eta udal-arduradunen artean, gastuari eusteko aukera handiagoak topatu baitituzte formula horretan. Bestalde, badirudi hornitzaileen arteko lehiak ez duela nabarmen handitu erabiltzaileek zerbitzuarekin duten gogobetetasuna. Aitzitik, badirudi areagotu egin dela erakunde hornitzaileek duten gaitasuna erabiltzaileen beharrak, lehentasunak eta itxaropenak hautemateko. Zein litzateke, orduan, Danimarkako ereduaren balantzea? Egileak ez du ematen erantzun kategorikorik. Alde batetik, positibotzat jotzen du Estatuak zerbitzuen gaineko erantzukizunari eustea, eta, irizten dionez, malgutasun handiagoak ahalbidetu egiten du etxeko arretaren unibertsaltasuna indartzea eta erabiltzaileen beharretara are gehiago egokitzea. Alabaina, adierazten du, orobat, erabiltzaileen hautatzeko gaitasuna hobetzea lortu ahal izateko, okerragotu egin direla langileen lan-baldintzak, eta lortu ere horrexen kontura lortu dela.