Kuantitatiboak dira pobreziari buruzko ikerketa gehienak, baina fenomeno horren alderdi subjek-tiboak ere hartu behar dira kontuan gaia oso-osorik aztertu nahi bada. Ikuspegi kualitatiboa erabili da lan hau egiteko: 10 eta 18 urte bitarteko 53 lagunek esku hartu dute, zazpi foku-taldetan banatuta. Andaluziako autonomia-erkidegoko ingurune behartsuenetako ikastetxeetan eta gizarte-zentroetan hautazko laginketa bidez aukeratu ziren parte-hartzaileak. Ikerketaren hel-buruak, berriz, hauek dira: neska-mutiko eta nerabe horien egoera sozioekonomikoa deskribatzea, krisi ekonomikoaz eta pobreziaz dituzten bizipenak eta pertzepzioak aztertzea, jakitea zenbateko eragina duten pobreziak eta prekarietateak haien bizitzan eta, azkenik, haurren pobrezia gutxitzeko haien gomendioak jasotzea. Azterketan esku hartu duten neska-mutikoek tristeziarekin lotzen dute pobrezia; bestalde, arazo ekonomikorik ez duten beste adingabe batzuekiko harremanetan bakardade- eta isolamendu-arazoak dituztela diote, eta euren inguruan aporofobia atzematen dutela. Normala deritzote neska-mutiko horiek pobrezia jasaten dutenak horregatik lotsaturik egotea, eta uste dute eurak egiten dituztela pairatzen dituzten zailtasun ekonomikoen erantzule. Konponbideei dagokienez, dirulaguntza handiagoak eta haien kudeaketa hobea aldarrikatzen dute.