Ziurrenik, InterRAI Home Care (IHC) erreminta izango da ohikoenetako bat etxeko arreta-zerbitzuetan. InterRAI balorazio-eskalen sortako tresna estandarizatu bat da, eta hainbat herrialdetan erabiltzen da. Lerrootan aipatzen dugun artikuluak tresna horren erabilera posibleak deskribatzen ditu, eta, horretarako, literaturaren berrikuspen sistematiko bat hartzen du abiapuntu. Tresna hori baliatu zuten hemezortzi esku-hartzeren gaineko azterketak agerian uzten duenez, erreminta baliagarria da hainbat helburutarako. Erabilerarik ezagunena adinekoen premiak modu integralean ebaluatzea da. Ebaluazio horren xedea da onuradunak edo onuradun izan daitezkeenak profilen arabera sailkatzea. Halaber, programa baten emaitzak ebaluatzeko ere erabili da. Azkenik, kasuen kudeaketarekin konbinatzen bada, baliagarri izan daiteke zainketa-planak inplementatzeko. Ildo horretan, kontsultatutako ikerketa batzuek azpimarratzen dute lagungarri izan daitekeela ospitaleratzeak eta ospitaleko egonaldien iraupena murrizteko. Horrek dakarren aurrezpen ekonomikoa ahaztu gabe. Ikerketaren muga nagusia da ingelesez argitaratutako artikulu zientifikoak bakarrik aztertzen dituela, eta ez dituela kontuan hartzen, ez literatura grisa, ez beste hizkuntza batzuetako lanak.