Azken hamarkadetan, nabarmen egin du hobera haurren osasunak, elikadurak eta hezkuntzak baina, hala eta guztiz ere, zalantza asko dago haien geroaz. Klima-aldaketak, migrazio-mugimenduek, gatazkek, desberdintasun orokorrek eta jarduera komertzial kaltegarriek arriskuan jartzen dituzte mundu osoko neska-mutikoen osasuna eta etorkizuna. 2018an, haurren osasuna eta ongizatea Garapen Jasangarriko Helburu berrien (GJH) ardatz bihurtzeko batzorde bat eratu zuten The Lancetek, Unicefek eta OMEk, Milurteko Garapen Helburuen amaierak bultzaturik. Horretarako, 180 estatutako haurren osasun- eta ongizate-adierazleak aztertu zituzten, datuak ikuspegi praktiko batez berrikusiz eta egiaztatuz, betiere ekimen berriak sustatzea helburu zutela. Emaitzen txosten honetan, haurren aldeko politikak aldarazteko zenbait ideia proposatzen ditu Batzordeak. Gomendatzen du, besteak beste, oinarrizko zenbait eskubide bermatzea haur guztiei, berdintasuna ziurtatzeko inbertsioak areagotzea, eta behar den gizarte-mobilizazioa eragitea aldaketa hori gauzatzeko.