Urte gutxiren buruan, plataforma digitalak lan-bitartekaritzako agente nabarmen bilakatu dira hainbat jardueratan, hala nola ibilgailu gidaridunak alokatzeko edo ostatu partikularrak kontratatzeko. Plataforma horiek Espainiako etxeko arretan duten presentzia gero eta handiagoa aztertzen du azterlan horrek. Horretarako, gaiari buruzko literatura berrikusteaz gainera -oraindik ere oso hasiberria-, elkarrizketak ere egiten ditu arduradunekin eta adituekin. Herrialdean gehien zabalduriko zortzi plataformen funtzionamendua aztertu ondoren, bi kategoriatan sailkatzen ditu: enplegu-agentzia digitalak eta eskatu ahalako plataformak. Enplegu-agentzia digitaletan, pertsonek gainbegiratzen dituzte hautaketa-prozesuak, eta kontratazioak, berriz, epe luzekoak izaten dira. Eskatu ahalako plataformetan, berriz, batez ere algoritmoetan oinarritzen dira langileak esleitzeko prozesuak, eta epe laburrerako kontratazioak izaten dira nagusi. Bietan ere prozedura automatizatuak baliatzen dituzte eta eskala handian jarduten dute, eta gutxieneko azpiegitura duten udalerrietan eskaintzen dituzte zerbitzuak. Enpresa horiek agertu duten arren sektorea profesionalizatzen eta formalizatzen laguntzeko borondatea, dokumentuak zalantzan jartzen du horretarako duten egiazko gaitasuna, eta nabarmentzen du, orobat, zailtasunak dituztela kalitatezko lan-baldintzak eskaintzeko.