[Reseña en euskera] Espainiako Provivienda erakundeak egoera kalteberan dauden biztanleei etxebizitzak alokairuan eskaintzen dizkie orain dela hiru hamarkada baino gehiagotik. Ebaluzio honetan etxebizitzen itzulera soziala aztertu dute, eta emaitza positiboak jaso.
Provivienda erakundeak Espainian etxebizitza duina eskuratzeko eta mantentzeko kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonei laguntzen die 1989az geroztik, eta hasiera-hasieratik, Etxebizitza Sustapenak Alokairu Eskuragarriko Etxebizitzen Poltsa izeneko programa du abian, alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei edo familiei etxebizitza-integrazioa errazten dien zerbitzua. Programa hau biztanleria-talde kalteberetan espezializatzen joan da, eta, diru-sarrera erregularrak edo ez hain erregularrak izan arren, etxebizitza-merkatura sartzeko zailtasunak dituztenei laguntzen die. Txosten honetan inbertsioaren itzulera sozialaren azterketa bat burutu dute, gizarte-eskuartze horrek duen eragina neurtu ahal izateko. Sortutako balioa neurtzea eta kuantifikatzea ahalbidetzen du, kostuak eta onura sozial eta ekonomikoak txertatzen dituena.
Programako inbertsioaren itzulera soziala positiboa da, hau da, 1,35 euro inbertitutako euro bakoitzekoa. Azken batean %35eko errentagarritasuna du. Horren arabera, proiektu honetako inbertsio publikoak itzulera zabala, soziala ez ezik ekonomikoa ere, dakarrela argi azaltzen da. Gizarte-inpaktu handiena duen interes-taldea maizterrena da, eta haren atzetik datoz erakunde deribatzaileak, etxebizitzaren jabeak eta, azkenik, erakundea bera. Bestetik, etxebizitza eskuratzeko eta mantentzeko erraztasunak maizterren bizi-kalitatea hobetzen du, osasun mentalaren eta fisikoaren dimentsioak nabarmenduz, eta, ondoren, autonomia eta herritartasuna. Erakundeak, ikerketa honen ondoren, ebaluazio jarraituko sistema bat jarri du martxan.