[Reseña en euskera] Mundu-mailan 110 milioi errefuxiatu zenbatzen ditu CEAR erakundeak 2023 urtean, eta Europan aurreko urtetik bikoiztu egin omen dira asilo-eskaerak, eta ia hirurehun mila izatera iritsi. Espainiako egoeran ere %37,3ko igoera kontabilizatzen du batzordeak, eta guztira 163.220 eskakizun aurkeztu omen dira.
CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak urte oro argitaratzen duen txostenean Espainiako, Europako eta mundu-mailako errefuxiatuen egoera aztergai hartzen dute, eta 2024ko azterlan honek nabarmentzen duenez, iazkoan mundu-mailan 110 milioi pertsonak pairatu omen zuten horrelako egoera latzgarria. Lehenik, globalki 73 pertsonatik bat derrigorrez desplazatu izana azpimarratzen da, dela gerra-egoeraren batengatik edota klima-aldaketaren, ingurumen-degradazioaren eta hondamendi naturalen ondorioz lekualdatutako pertsonak. 2023an 292.985 pertsona iritsi ziren Europara modu irregularrean. Horrek esan nahi du %54,5eko igoera izan dela etorrera-kopuruan; 2016az geroztik erregistratutako kopururik handiena. Etorrera gehienak Italian (%54), Espainian (%19) eta Grezian (%16) izan ziren.
2024ko apirilean, lau urteko negoziazio konplexuen ondoren eta Europako egungo ziklo politikoaren amaieraren atarian, Europako erakundeek Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna onartu dute, eta azken akordio horrek arrisku esanguratsuak planteatzen omen ditu babesari dagokionez, eta mugen kanporatzean sakontzen. 2023an, Espainiak bere historiako nazioarteko babes-eskaeren kopururik altuena erregistratu zuen, 2022ko errekor historikoa gaindituz. Guztira, 163.220 eskabide aurkeztu ziren, hau da, %37,3ko igoera. Nazionalitateen araberako azterketa batean, Espainian asiloa eskatu zuten pertsonen lehenengo hiru herrialdeak Venezuela, Kolonbia eta Peru izan ziren, erregistratutako eskaera guztien %78,7 biltzen baitituzte.