Iazko datuak laburbildu dituzte eliza katolikoaren erakundeak argitaratutako ale monografiko honetan, eta azterketa deskriptiboa eta iritziak konbinatu. Azterketa soziodemografikoak, pobrezia- eta bazterkeria-arriskuak edo bakardade- eta ezgaitasun-egoerek, adibidez, argi uzten dute Gurutze Gorriak asistentzia eskaintzen dien pertsonen buru-osasunean izandako talka.
Espainiako Gurutze Gorriaren zaurgarritasun sozialari buruzko 18. buletinak (Boletín sobre Vulnerabilidad Social) erakundeak artatutako biztanleriaren berri ematen digu. Analisi soziodemografiko orokor baten ondoren, egoera okupazionala, iaz nabarmendu izandako premia nagusi eta berrien errepasoa egiten du; eta etxebizitza-baldintzak, pobrezia- eta bazterkeria-arriskuaren gaia berrikusi. Azterlanaren zatirik handiena osasunean zentratzen da; eta, zehazki, humanoen ongizatearen ezinbesteko baldintza den alderdi honetako hiru atal aintzat hartu: osasun-egoera, osasun-determinatzaileak eta asistentzia sanitarioa. Testuaren azken partean, analisi kualitatibo bati heldu aurretik, soziabilitatea eta laguntzen arazoa berrikusten du, hau da, soziabilitatearekin lotutako arazoak edo zailtasunak: sexuaren, jatorriaren, adinaren eta osasun-egoeraren arabera.
Erakundeak artatutako biztanleriaren osasun-ebaluazioari buruzko ale monografiko honetan, OMEren definiziotik abiatuta, osasunaren ikuspegi biopsikosozialari heldu diote azterketa gidatutako adituek. Izan ere, kalteberatasun sozialik handiena bizi duen pertsonak baititu helburu txostenak. Horren erakusgarri gertatzen da ―azterketaren 2019ko aldian― Gurutze Gorriak lagundutako hamar lagunetatik zazpi emakumezkoak zirela; %67,7 ekonomikoki aktiboak, hau da, lan-jardunean edo langabezian zeuden biztanleak; edota %57aren jatorria espainiarra izatea, nahiz eta %12 hazi atzerritar jatorrikoen portzentajea. Edonola ere, oso ugariak dira erakundeak artatutakoen profil soziodemografikoak aurkezten dituen datu esanguratsuak: erdiak ikasketa-maila ertain edo altua zuen (%49,5); haurrak eta nerabeak dituzten familiak (%51,2), gurasobakarrak (%20,9) eta familia ugariak (%19,8) leku handiagoa hartu dute lagin honetan; 65 urtetik gora zituen bostetik batek (%19,9) eta neurri berean ezgaitasun-arazoren bat zutenen ehunekoa (%20).
Egoera okupazionalari dagokionean, %73,3ra arte hazi zen langabezia-tasa, eta 5 puntuan hazi inolako prestaziorik jaso gabekoen ehunekoa (%80.8); %14,7k lanean ziharduen ―lan prekario edo ezegonkorrean― eta sei bider altuagoa erakundera jotzen zutenen lan-pobreziaren tasa (%85,1). Etxebizitza-arazoei so eginez gero, heren batek (%33,6) etxebizitza-errenta ordaintzeko ezintasuna aitortzen zuen, eta %12,1k hipoteka ordaintzeko atzerapenak; %41k ezin zien aurre egin argia, gasa, telefonoa edo komunitatearen gastuei. Laurden bat (%25,7) ingurune degradatuetan bizi zen eta bostetik batek (%21) kalitate txarreko edateko ura edo kanpoko usain txarrak pairatzen zituen (%21). Gurutze Gorriak Espainian artatutakoetatik % 5,1 etxegabetasun-egoeran bizi omen zen.
Lan-intentsitatea, gabezia materiala eta pobrezia- nahiz bazterkeria-arriskuaren datuak labur-labur azalduta, ondokoak nabarmen daitezke: pobrezia erlatiboaren datua %81,5 igo egin zen eta haur-pobreziak biztanleria orokorraren tasa hirukoiztu egiten zuen (%89,9); hilabete amaierara heltzeko zailtasunak hamarretik ia zortzik zituen (%78,3), pobrezia energetikoa %42,9k pairatzen zuen eta %26,8k ezin zuen hartu astean hiru biderretan jaki proteikorik. Betiere, jakinekoa den bezala, aurreko guztia emakumezkoek gehien pairatzen dute; baita atzerritarren kasuan ere bizitako gabezia material larria ere (%72,2). Lau puntutan hazi zen Gurutze Gorriak artatutako etxebizitzetako lan-intentsitate maila, lanik eza edo oso maila baxua %33,8ra heldu zen, hau da, biztanleria orokorraren hirukoitza. Azkenik, pobrezia- eta bazterkeria-maila ere hirukoiztu egiten zen elkarteak lagundutakoen artean (%84,4); eta AROPE tasa %93,3ra heldu, bereziki pertsona adinduen etxebizitzetako igoera nabarmentzen da, 2018koa baino 7,1 puntu gehiago (%55,1).
Laginean parte hartutakoek aitortutakoaren arabera, hala-holako izatetik oso osasun eskasa hauteman ohi zuen erdiak baino gehiagok (%52,6); gehienak emakumezkoak dira, osasunean genero-desberdintasun nabarmena agerian uzten duena. Osasun-egoera "txarra/oso txarra" gehien adierazten duen adin-taldea 45 eta 65 urte artekoa da, biztanleria orokorraren kasuan ez bezala; balorazio negatiboena 85 urte eta gehiagoko adin-tarteari baitagokio. Galdegindako pertsonen artean, beren osasun-egoera "txarra/oso txarra" dela uste dutenen artean, % 88,4 etxe pobreetan bizi dira. Bestetik, gaixotasunen-prebalentzia askoz ere altuagoa da: % 40,9k bizkarreko min kronikoak ditu, % 29,9k tentsio altua eta % 13k diabetesa; biztanleria orokorrean, hurrenez hurren, % 19,7, % 20,1 eta % 7,8 dira.
Ezgaitasunei eta osasun mentalari dagozkien datuak are larriagoak dira, izan ere, zailtasun-faktore gertatzen baita; dela bata, dela bestea. Adibidez, eguneroko bizimodurako edo enplegurako oso azpimarragarria gertatzen da: ezgaitasunen bat omen du galdetutakoetatik %21,8k, eta enplegurik eza %87,8k. Halaber, norberaren pertzepzio subjektiboaz kanpo geratzen den ziurtatutako ezgaitasuna zuen %72,9tik, soilik, %24,7k zuen mendekotasun-balorazioa. Logikoa izan arren, txostenaren edukien artetik osasun mentalaren atala da deigarrien gertatzen dena: hamarretik lauk (%42,6) antsietate eta depresio kronikoa edota bestelako buru-osasun arazoak pairatzen ditu; biztanleria orokorraren aldean, ia-ia 2,6 bider altuagoa dena (%16,7). Gainera, laurden baten esanean, inkestaren aurreko seihilekoan osasun emozionala eskastu izana adierazi zuen.
Hautemateak adin-tarteen arabera aztertuz gero: autonomia pertsonalaren galera eta balio ez izatearen sentimendua 75 urtez gorakoak dira gehien; 33-44 urte bitartekoek erresilientzia-gaitasuna galdutakoak arazoei aurre egin edo bizimoduaz disfrutatzeko; eta 45-54 urte bitartekoek zoriontasun- nahiz kontzentrazio-mailarik baxuenaren hautemana. Arlo afektiboari dagokionean, hamarretik lauk (%40,1) ez du lagunen edo hurbilekoen bisitarik izaten; laurden batek (%25,2) ez du afektua adierazi edo mimatuko duen inor; ia heren batek (%28,8) ez du arazorik kontatzeko gertukorik. Soziabilitateaz gain, laguntzen arloan jasotako datuak oso kezkagarriak dira: erdiak ezin du jaso laguntza ekonomiko edo benetan baliagarria denik (%51,7). Azken batean, pertsona horien erdia baino gehiago etxe pobreetan bizi da, gabezia material larria eta enplegu-intentsitate oso apala bizi dute; osasunaren pertzepzio txarra dute; eta, neurri handiagoan, osasungarri ez diren gaixotasunak eta bizimoduak dituzte.