Edukira joan

Gizarteratuz Gizarte-zerbitzuei buruzko analisi
eta gaurkotasuneko argitalpen digitala

Gizarteratuzera itzuli

Jendearen ardurak eta gizarte-politikak: sintoniarik bai herritarren eta politikarien artean?

Jendearen ardurak eta gizarte-politikak: sintoniarik bai herritarren eta politikarien artean? Jendearen ardurak eta gizarte-politikak: sintoniarik bai herritarren eta politikarien artean?

Risks that matter. Main findings from the 2018 OECD Risks that Matter Survey. París, Organización para la Cooperación y el Desarrollo Económicos, 2019, 53 p.

Deskargatu

Munduko 21 herrialdeetako 22000 pertsonen iritziak jaso dituen inkesta baten arabera, herritarren zati handi batentzat, gizarte-politikek ez dute ardura dieten arriskuen aurrean babes nahikorik eskaintzen: laguntza publikoak merezi ez dituzten pertsonei heltzen zaizkie sarritan, eta ez daude ziur behar izatekotan laguntza publiko horiek jasotzeko aukerarik izango luketenik.

Azken aldian sarritan aipatzen da hedabide nahiz sare sozialetan politikariei kosta egiten zaiela herritarren ardurekin konektatzea. Bada, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGAk) berriki argitaraturiko inkesta baten arabera, badira bai kezkatzeko moduko arrazoiak. Izan ere, etsipena edo desilusioa, konfiantzarik eza eta injustizia sentsazioa dira, azterturiko herrialdeetan, gizarte-politikei dagokienez herritarren iritzia hoberen deskribatzen duten kalifikatzaileak. Emaitzak are deigarriagoak dira ELGAren barneko herrialdeak munduko aberatsenetakoak direla jakinik, eta, batez beste, beren BPGaren %20 inguru ―biztanle eta urteko 8.000 dolar, hain zuzen― gizarte-politikak garatzeko erabiltzen dutela ikusirik.

Azterturiko 21 herrialdeetan kezka gehien sortzen duten gizarte-arriskuak gaixotasuna eta bizitzaren kostuari aurre egiteko zailtasunak dira, epe motzari begira, eta zahartzaroan diru sarrerak bermatzeko zailtasunak izateko beldurra, epe luzeagoan. Batez beste, azterturiko herrialdeetako biztanleen %54k azaltzen du kezka, gaixotasun edo ezintasunen bat izatekotan hari nola aurre egin, eta %47,3k aipatzen du eguneroko gastuei ezin aurre egiteko beldurra. Epe luzean, kezkarik nabarmenena pentsioak ziurtatuta izatea da: batez beste, 21 herrialdeetako biztanleen %72k aipatzen du etorkizunari begira kezka nagusitzat; Europa ekialdeko zenbait herritan (Lituania, Estonia edo Eslovenian) %80tik gora dira kezka hau azaltzen dutenak, baina iparraldeko herrietan ere hamarretik sei baino gehiagok azaltzen du etorkizuneko pentsioen inguruko kezka (%64k Norvegian, %66,7k Finlandian edo %68,3k Danimarkan).

Bestalde, arrisku hauen aurrean gobernuek eskaintzen duten babesarekiko oso kritiko agertzen da herritarren zati handi bat. Behar egoeran zerbitzu publikoak jasotzeko erraztasunari buruz galdetuta, oro har, azterturiko herrietako biztanleen %55,9k zailtasunak izango lituzkeela uste du. Proportzio hori %70etik gorakoa da Grezia edo Italiaren kasuan, eta aldiz, herena inguruan gelditzen da Norvegia, Belgika edo Kanadaren kasuan. Gainera, galdeketari erantzun dioten 22.000 pertsonen ia hamarretik seik (%58,8k) aipatzen du ez duela jasotzen, ordaintzen dituen zergak kontuan hartuta, eskaini behar litzaiokeen laguntza. Are gehiago, ia hamarretik zazpik (%66,6ak) irizten dio, sarritan, laguntzak merezi ez dituzten pertsonek jasotzen dituztela, eta, herrialdeen artean desberdintasun nabarmenak dauden arren, guztietan (Estonian salbu), biztanleen erdia baino gehiago dira laguntza publikoen esleipena injustua dela uste dutenak. Azkenik, azterturiko laginaren %61ak uste du politikariek ez dutela herritarren iritzia kontuan hartzen gizarte-politikak garatzeko orduan.

Etorkizuneko gizarte-politikei dagokienean, galdetutako herritarren gehiengoak (%71k) esfortzu handiagoa eskatzen die gobernuei, eta pentsioak eta osasun zerbitzuak hobetzeari ematen diote lehentasuna (%54,4 eta %48k aipatzen du politika horiek hobetu beharra hurrenez hurren). Hori gauzatzeko, herritarren %38ak onartuko luke, batezbeste, zergetan euren diru-sarreren %2 gehiago ordaintzea. Zertxobait gutxiago lirateke adinekoentzako zaintza-zerbitzuak, hezkuntza edo etxebizitza politikak ordaintzeko zerga igoera onartuko luketenak (%27,3, %25,5 eta %23, hurrenez hurren).

Interesgarria izan daiteke

Errefuxiatuen egoera Espainian eta Europan

Errefuxiatuen egoera Espainian eta Europan

Gizarte-babesa

Mundu-mailan 110 milioi errefuxiatu zenbatzen ditu CEAR erakundeak 2023 urtean, eta Europan aurreko urtetik bikoiztu egin omen dira asilo-eskaerak, eta ia hirurehun mila izatera iritsi.

Errefuxiatuen egoera Espainian eta Europan

Medición del progreso social en la Unión Europea [es]

Medición del progreso social en la Unión Europea [es]

Gizarte-babesa

[Gaztelaniazko erreseina] El documento presenta el Índice de Progreso Social Regional de la Unión Europea (EU-SPI), una herramienta desarrollada por la Comisión Europea para medir el progreso social en las regiones de la Unión Europea más allá del PIB.

Medición del progreso social en la Unión Europea [es]

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Guk edo hirugarrenek tratatu ditzakegun cookieak erabiltzen ditugu. Interneten dituzun nabigazio ohiturak aztertu ditzakegu, zure profilarekin erlazionatutako publizitatea erakusteko.