Haurrak babesteko politikak ditu aztergai 1979tik Ogasun Ministerioak argitaratzen duen Presu-puesto y Gasto Público aldizkariaren zenbaki horrek, batez ere neska-mutikoak eta nerabeak pobreziatik zaintzeko neurriak. Ekonomia, soziologia, politologia eta zuzenbidearen ikuspegitik egindako ekarpenak ageri dira monografiko horretan, eta zenbait ikerketa-artikulu; badira, azkenik, kutsu instituzionaleko zenbait testu ere. Haurren aldeko Espainiako politiken azterketa horretan, Haurren Pobreziaren aurka Borrokatzeko Goi Komisarioaren ibilbidea deskribatzen da. Duela urte gutxi sortua da erakunde hori (2018), baina dagoeneko eragile esanguratsu bihurtu da bere alorrean. Azterketa ekonomikoak, bestalde, bereziki interesgarriak dira. Haurren alde erakunde publikoek egiten duten inbertsioa neurtzeko metodologia bat proposatzen da artikuluetako batean; beste batean, berriz, metodologia hori bera aplikatzen da neurri nagusien ondorio finantzarioak neurtzeko. Ekonomiaren alorretik ere aztertu da zenbateraino den babes-adierazle egokia haurren alde egiten den gastu publikoaren zenbatekoa.