Edukira joan

Gizarteratuz Gizarte-zerbitzuei buruzko analisi
eta gaurkotasuneko argitalpen digitala

Gizarteratuzera itzuli

Pandemiak pertsona adinduen buru-osasunean eta bakardade-egoeran nabarmen eragin zuen

Pandemiak pertsona adinduen buru-osasunean eta bakardade-egoeran nabarmen eragin zuen Pandemiak pertsona adinduen buru-osasunean eta bakardade-egoeran nabarmen eragin zuen

European Foundation for the Improvement of Living and Working Conditions, COVID-19 and older people: Impact on their lives, support and care. Serie: Research Report, Luxemburgo, Publications Office of the European Union, 2022, 92 p.

Deskargatu

Eurofound erakundeak pertsona adinduen artean inkesta bitartez pandemiak izan duen eragina aztergai hartu du eguneroko bizitzaren hainbat arlotan. Buru-osasuna eta bakardadea izan dira pandemiak pertsona adinduen artean eragin gehien izan dituen bi alderdiak. Zaintza informalak edukitako garrantzia nabarmentzen du txostenak.

Bizitza- eta lan-baldintzak hobetzea xede dituen Eurofound erakundeak pertsona adinduen artean COVID-19ak izandako eragina aztertu du; zehazki, birusak haien bizimoduan, sostenguan eta arretan izandako eragina ardatz hartuta. Inkesta bitartez birusak izandako eragin horren iritziak biltzeaz gainera, azterketak aintzat hartu du Europako gobernuek pandemiaren ondorio diren arazoei aurre hartzeko izan duten erantzuna. Azterlanean ongizate fisikoa eta mentala, gizarte-interakzioak, lana, finantzak, sostengu-zerbitzuak, osasun-arreta eta epe luzeko zaintzen premia eta erabilera aztergai hartu dira. Europako biztanleria oso nabarmen zahartzen ari den testuinguru honetan, Europako Batzordearen Liburu Berdeak eraldaketa demografikoari aurre egiteko eztabaida aberastea du xede txostenak.

Europar Batasunean adin-tarte guztietako biztanleek buru-osasunari eta bakardadeari lotutako arazoak izan dituztela nabarmendu den garai honetan, gehienbat gazteenek eta adinduenek pairatu omen dituzte tankerako egoerak. Txostenaren arabera, 2020ko udaran, pandemia sortu aurretik baino tristeago eta deprimituago maizago sentitzen omen zen 80 urtetik gorako biztanleriaren %23; eta harreman sozialetan ere eragin altua agertzen du inkestak, %18aren esanean bakardadea areagotu egin baitzen. Altua izan da, bestetik, jarduera fisikoaren beherakada: kalean ibiltzeko maiztasuna 50 eta 79 urtekoen artean %41 eta 80 urtetik gorakoen artean %46 urritu baitzen. Oro har, pertsona adinduen diru-sarrerek ez dute izan gazteen pareko beherakadarik, eta nabarmentzekoa da pentsioek izandako rol garrantzitsua.

Sostenguari dagokionean, pandemia garaian bikote eta seme-alabek artatu zituzten batik bat pertsona adinduek izandako premiak. Gobernuen erantzuna, gehienbat, pentsioak osatzeko eta bestelako finantza-neurriak bideratzean oinarritu zen. Halaber, ekimen ugariren bitartez telefonoz artatu izan zituzten, eragile publiko zein pribatuek, bakardadeari eta buru-osasunaren eskasteari aurre egiteko; baita ere hornikuntza-zerbitzuak jaso dituzte jakiak edo botikak eskuratzeko. Epe luzeko zaintzetan aldaketa nabarmentzen du txostenak, azken batean, izaera formaleko zaintzetatik modu informaletakoetara pasa baitziren. Gehienbat, emakume adinduak izan ziren modu informalean lan gehien egin zutenak, baina 50 eta 64 urte arteko gizonezkoen kopuruak ere gora egin zuen zainketen arloan.

Txostenak eskainitako gomendio eta ondorioen artetik, ondo garatutako ongizate-sistema malguak prestatzea nabarmentzen da, osasun-sistemarekin eta gizarte zibilarekin bat betiere premiei aurre egiteko prest egongo direnak. Pandemiak iraun duen bitartean ikasitakoak aintzat hartzeko gomendioa da beste bat, hau da, Estatu kide desberdinek egindako aurrerapenak kontuan izatea haietatik ikasi ahal izateko. Besteak beste, ikerketak sustatzearen garrantzia, teknologia berrien erabilera erraztea; eta batik bat buru-osasunaren arloan zerbitzuak bermatzea edota arazo horien sorburu direnei kontu hartzea eta aurre egitea gomendatzen dute. Azkenik, gune publikoetan pertsona adinduen interakzioa sakontzea aipamen hartzen dute; eta zaintzaile informalen eta boluntarioen rolari aitortza egitea, asko eta asko ere adinduak direnak.

Interesgarria izan daiteke

Generoa, mendekotasuna eta zaintza COVID-19aren garaian

Generoa, mendekotasuna eta zaintza COVID-19aren garaian

MendekotasunaCOVID-19Generoa

Txosten honek COVID-19aren krisiak adinekoen eta mendekoen etxeetako zainketari nola eragin dion argitu nahi du, hala nola etxez etxeko laguntza, laguntza pertsonala edo egoitza-zerbitzuak berrantolatu direla, etxeko lana eta zaintza nola kaltetu diren eta Europar Batasuneko ekimenak nola sortu edo indartu diren aztertuz.

Generoa, mendekotasuna eta zaintza COVID-19aren garaian

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Guk edo hirugarrenek tratatu ditzakegun cookieak erabiltzen ditugu. Interneten dituzun nabigazio ohiturak aztertu ditzakegu, zure profilarekin erlazionatutako publizitatea erakusteko.