Hirugarren sektoreak Espainiako soldatapeko %3,2a biltzen du eta jarduera sanitarioen eta gizarte-zerbitzuen sektoreko enpleguaren %30,1; guztira, 528,000 pertsona ordainduak. Nabarmentzekoa da, bestalde, 10 lagunetik 8 emakumezkoak direla. Horrez gain, txostenak azpimarra egiten du ia 1.100.000 lagunek boluntario-lana egiten dutela.
Gizarte Ekintzako 2022ko txosten honetan Espainiako hirugarren sektoreak duen eragina neurtzeko xedez bi zati desberdindu daitezke. Alde batetik, barometroaren bitartez datu kuantitatiboak aurkezten dituzte, egungo egoera eta etorkizunerako zantzuak aztertzen dituena; eta bestetik gizarte-berrikuntzarako baliagarri gerta daitezkeen zenbait alderdi aztergai hartu dituzte modu kualitatibo batean. Aipatutako lehen zatian, hirugarren sektorearen egitura, antolakuntza, jarduera, finantzazioa eta gizartearen alde betetzen duen rola analizatzen saiatu dira. Laburpen honetan lehen zatia hartuko da aintzat soilik, hau da, barometroarena. Hirugarren sektoreak Espainian duen dimentsioa neurtzea du xede barometroak, besteak beste, sektorearen lehentasunak eta eremuak, jarduera motak, ekintza-orientazioa, gizarte-kapitala, finantzazioa edota efizientziaren berri ematea.
Hirugarren sektoreko erakunde gehienak oinarrizko erakundeak dira, hau da, gehienak (%74) elkarteak dira eta hurrenez hurren datozenak fundazioak dira (%18). Hirugarren sektorearen ezaugarri nabarmenetako bat erakundeen atomizazioa da, eta horren erakusgarri elkarteek duten aurrekontu murritza izan daiteke. Erdiak baino gehiagok (%57,9) 30.000 euro baino diru-sarbide apalagoak dituzte; eta fundazioen kasuan, 150.000 euro baino gehiago jasotzen dute gehienek (%61,9). Elkarteak gehienbat tokiko eremuan jarduten dute, eta fundazioek autonomia-erkidego eta estatu-mailan aritzen dira. Hiru eremu nabarmentzen dira jarduerari dagokionean, eta ondoko hauek dira: gizarte-ekintza (%42,3); arreta soziosanitarioa (%24,1); eta integrazioa edota gizarteratzea (%9,1). Nazioarteko lankidetza (%9,2) gehituz gero, lau eremu horiek biltzen dute hirugarren sektorearen %84,6a.
Barometroaren kalkuluen arabera, 2021. urtean milioi erdi lagunek baino gehiagok (528.220 pertsona) lan egiten dute hirugarren sektoreko erakundeetarako. Jarduera sanitarioetako eta gizarte-zerbitzuetako enplegu guztitik ia herena biltzen da hirugarren sektorean (%30,1); eta Espainiako lan-merkatuaren %3,2a osatzen dute. Nabarmentzekoa da, bestetik, sektorearen erakunderen batean lan egiten duen %38,1k ez duela soldatarik jasotzen. Bestalde, emakumezkoak dira diru-sarbideak jasotzen dituzten hamar lagunetik ia zortzi (%77,8), baina, gizonen aldean diru gutxiago jasotzen dute emakume horiek. Azterketak boluntarioen garrantzia nabarmentzen du, izan ere, milioi bat baino gehiago (1.091.686 lagun) aritzen baitira boluntario-lanean; eta kalkuluen arabera, 187.400 lanposturen baliokide izango litzateke boluntario horien jarduna.
Azterlanaren kalkuluen arabera, Espainiako Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak 17.413,82 milioiko diru-sarrerak izan zituen 2021. urtean, eta 16.920,80 milioi euroko gastua, hau da, Espainiako Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,44 izan zen 2021. urteko emaitza. 2013. urtetik izandako eboluzioa aintzat hartuz gero, bai gastuetan bai diru-sarbideetan hazkunde jarraitua agertzen dute datuek; pandemiaren eraginez 2020. urtean salbu, sarbideak eta gastuak urritu ziren urte bakarra. Hiru erakundek biltzen dituzte diru-sarbide eta gastuen %20 (Cáritas, Gurutze Gorria, ONCE). Oro har, historikoki sektorearen kontuak saneatuta egon dira beti, baina erakundeetatik ia laurden batek (%23,8) galerak izan dituzte.